Skip to main content
01

Lekaleak, zerealak eta patata Atik Zra:

Ilarrak

Ilarrak :: Nola aukeratu eta kontserbatu

Nola aukeratu eta kontserbatu

Zorroak osorik, osasuntsu, garbi eta kanpoko hezetasunik eta usain edo zapore arrarorik gabe eduki behar dira. Pikorrek ondo eratuta egon behar dute.

Bi kategoria komertzial daude ilarrentzat. I. kategoria da kalitate handienekoa. Lekak fresko, zurrun eta beteta egon behar dira, barruan gutxienez bost ale dituztela; eta aleek ongi eratuak, samurrak, mamitsuak eta sendoak izan behar dute (bi hatzen artean zanpatuta, zatitu gabe zapal daitezke). Ez dute irintsuak izan behar. II. kategorian akats batzuk onartzen dira, hala nola lekek kolorazio-akats txikiren bat izatea, edo pikorrak helduago egotea (baina ez gehiegi) eta kolore gutxiago izatea.

Ilar freskoak hiru bat egunez gordetzen dira hozkailuan, eta izoztu egin daitezke, hainbat hilabetez luzatuta.

Ontziratuta badaude, ontziak garbi aurkeztuko dira, higiene eta osasun baldintza ezin hobeetan, eta ez dute ez orririk, ez zurtoinik, ez bestelako produktu arrotzik izango. Ontzi bakoitzaren edukiak homogeneoa izan behar du, eta jatorri, barietate eta kalitate bereko ilarrak soilik izan behar ditu.

Oso ohikoak dira ilar izoztuak, ia batere aldatu gabe mantentzen baitituzte beren nutrizio-ezaugarriak; izan ere, aleak bildu eta handik gutxira (bi ordu eta erdi) izozten dira. Egosteko, izozturik baldin badago, hiru minutu baino ez dira behar izaten ur irakinetan.

Ilar lehorrak ere zurituta eta zatituta merkaturatzen dira, ontziratuta edo ontziratu gabe. Aldi berean kozinatu ahal izateko, garbi eta tamaina uniformekoak direnak aukeratu behar dira. Leku lehor batean edukiz gero, hilabete luzez irauten dute, hezetasunetik eta zuzeneko argitik babestuta. Ontzi hermetiko eta lehorretan gordetzea komeni da. Izoztea ere onartzen dute.