Skip to main content
04

Lekaleen eta zerealen konbinazioa

Lekaleen eta zerealen konbinazioa :: Landare-elikagaien konbinazioa

Landare-elikagaien konbinazioa

Lekaleek eta fruitu lehorrek metionina eta treonina falta dute, eta zerealek, berriz, lisina. Aminoazido eskasak aldatu egiten dituenez barazkien proteinetan, elikagai horiek egoki konbinatzen badira edo egunean zehar behar adina kontsumitzen badira, organismoak giza proteinak egiteko behar dituen aminoazido esentzial guztiak lortzen ditu. Ez da beharrezkoa haragia erabiltzea kalitatezko proteina-iturri gisa.

Hori dela eta, landare-proteinen kalitatea hobetzeko, elikagai desberdinak plater berean nahastea gomendatzen da, kontinente guztietako errezeta tradizionaletan aurkitu ohi diren konbinazioak.

Landare-konbinazio hori izan da animalia-proteinak eskuratzeko aukerarik ez duten herri askoren elikagai-oinarri proteikoa.

Proteina-kalitate bikaineko plater begetalen aukera irudimenak eta plater berriak probatzeko gogoak ematen duten bezain zabala izan daiteke.

  • Lekaleak eta osoko zerealak: Dilistak arrozarekin, babarrunak pasta edo mandiokarekin, kuskusa garbantzu eta barazkiekin, garbantzuak gariarekin, espagetiak ilar eta ganbekin, frijolez betetako burritoak (arto-ogia), soja barazki eta arrozarekin, garbantzuak ogiarekin.
  • Lekaleak eta fruitu lehorrak eta haziak: Garbantzuak pinaziekin, dilista entsalada intxaurrekin, humusa edo garbantzu patea (garbantzu birrinduak sesamo haziekin eta espeziekin).
  • Osoko zerealak gehi esneki begetalak: Arroza edo oloa soja-irabiakiarekin, almendrekin.
  • Fruitu lehorrak eta haziak gehi esneki begetalak: Oloa edo arroz-esnea eta fruitu lehorrak.

Barazkien konbinazioak ezinbestekoak dira dieta begetarianoak egiten dituzten pertsona guztientzat, baina gomendagarriak dira dieta osasungarria egin nahi duten guztientzat. Konbinazioari esker, eguneko proteina-beharrak ase daitezke. Aldi berean, lekaleak eta zerealak bigarren plateraren ordezko izaten dira asteko menuetan. Dietako koipeak eta kolesterola murrizteko modu osasungarria da.

Espainiako herritarren elikadura-ohiturei buruzko azken azterketek, eta halaxe dio CONSUMER EROSKI ‘Haragiak” gidak, ohartarazten dute Espainiako dietan animalia-proteina gehiegi hartzen dela. Egia da haragiak proteina asko daukalako direla estimatuak, baina neurrian jatekoak dira.

Izan ere, animalia-jatorriko elikagaiak maiz eta gehiegi jateak lotura du proteina, gantz saturatu, kolesterol eta kaloria gehiegirekin lotutako gaixotasunak izateko arrisku handiagoarekin. Hau da, giltzurrun-gutxiegitasuna, hiperurizemia (azido uriko altua), hezueria, gehiegizko pisua, obesitatea eta trastorno kardiobaskularrak (hiperkolesterolemia, hipertriglizeridemia eta hipertentsioa) izatea.

Azken batean, lekaleak eta zerealak konbinatzea ohitura gisa hartzea dieta nutritibo, osasungarri eta orekatua izateko formula adimenduna da.