Skip to main content
02

Lekaleak / Lekaleak elikagai funtzional gisa

Lekaleak elikagai funtzional gisa :: Jarduera hormonala eta metabolikoa

Jarduera hormonala eta metabolikoa

Soja nabarmentzen da hormona-jarduera duten landareen artean. Frogatua dago soja eta haren eratorri kopuru handiak eguneroko dietan kontsumitzen dituzten Asiako populazioek menopausiak mendebaldeko emakumeek baino berantiarragoak dituztela, eta hori isoflabonen presentziarekin lotzen da.

  • Sojaren fitoestrogenoak: II. motako estrogenoen (hormona femeninoen) errezeptore berekiko afinitatea erakutsi dute, eta jarduera lehiakorra eta itzulgarria egiten dute; hau da, jarduera estrogeniko leuna sortzen dute. Hilekoaren zikloari dagokionez, klinikoki frogatu da isoflabonek fase folikularraren iraupena luzatzen dutela eta progesteronaren mokoa atzeratzen dutela, zikloaren erregulatzaile gisa jardunez.

    Menopausiaren etapan egiaztatu denez, arindu egiten dituzte sintoma elkartuak, eta gutxitu egiten dituzte beroaldiak. Ordezko hormona-terapiaren alternatiba gisa erabiltzea (horrek dakartzan arriskuak direla eta) eta estrogenoaren aurkako gisa erabiltzea planteatu dute ikertzaile batzuek. Menopausian, osteoporosia lehen mailako arrisku faktorea da emakumearen bizitzako etapa honetan. Zenbait azterketa klinikok frogatu dute eraginkorrak direla lekaleak isoflabonekin osatzea testuinguru horretan.

    Ikusi da ekialdeko populazioak hormonen menpeko tumoreen (bularra, prostata, obulutegiak, endometrioa) intzidentzia txikiagoa duela mendebaldekoak baino, eta horretan zerikusi handia izango luke Asiako herrien ohiko soja kontsumoak.

  • Landare esterolak eta estanolak: Landare-esterolak eta -estanolak fitosterol izenez ere ezagutzen diren konposatu kimikoak dira. Fruta, barazki, hazi, fruitu lehor, labore, lekale eta landare-olioetan agertzen dira, era naturalean eta kopuru txikitan. Estanolak esterolak baino gutxiago agertzen dira. Landareen zelula-mintzen funtsezko osagaiak dira biak eta beren egitura fisiko-kimikoak kolesterolaren (esterra alkohol-talde batekin) egituraren antza du. Soja eta antzeko lekaleek 153 mg fitosterol dituzte 100 gramo bakoitzeko.

    Kolesterola animalia-jatorriko esterola da, ezinbestekoa bizitzeko eta funtsezkoa hormona esteroideoetarako (testosterona eta estrogenoak) eta zelulen hormetarako. Odoleko kolesterol totalaren eta LDL kolesterolaren soberakina oxidatu egiten da eta plakak eratzen ditu arterien paretetan, odolaren fluxua zailduz eta odol-presioa igoz, eta horrek arrisku kardiobaskularra dakar. Frogatuta dago egunean gramo bat edo hiru esterol eta estanol hartzea faktore babeslea dela bihotz-hodientzat.

    Hesteetan, fitosterolek kolesterol dietetikoa eta kolesterol endogenoa (gibelak sortzen duena) xurgatzen laguntzen dute. Emaitza hori azaltzen duten hainbat mekanismo daude. Batetik, murriztu egiten da kolesterolak gantzetan disolbatzeko duen gaitasuna; hala, behazun-gatzetako kolesterola baztertu egiten da, eta haren xurgapena oztopatu. Beste aukera bat da hesteetako kolesterolaren odolerako xurgapena mugatzea.

    Elikagai funtzionalak garatzen ari dira, eta horiei landare olioetatik (soja oliotik, adibidez) ateratzen diren substantzia babesle horiek gehitzen zaizkie.

    Aurrerapen zientifiko eta teknologikoei esker, landare-estanolen eta -esterolen egitura naturala aldatzea lortu da, “landare-estanol eta -esterolen esterrak” eratzeko eta koipeak dituzten elikagaiei (margarina, esnea) gehitzeko, kolesterol-maila jaisteko eraginkortasuna galdu gabe.