Zerealak eta deribatuak / Zerealak jatearen plazera

Nola prestatu zereal-aleak
Materiala hautatzea
Lehenik eta behin, kozinatzeko material egokia aukeratu behar da. Burdinurtuzko eltzeek abantaila ukaezinak dituzte: tenperatura gutxiago behar dute, egosteko ur gutxiago, eta beroa modu uniformean banatzen dute. Altzairu herdoilgaitzezkoak ere egokiak dira, azkar berotzen direlako.
Tresna egokiak izatea
Gehitu nahi diren espeziak nahasteko morteroa eta laboreak garbitu eta xukatzeko iragazkia oso lagungarriak dira.
Garbitzea
Zereal-aleak erabili aurretik, urarekin garbitu behar dira beti, hautsa eta ezpurutasunak kentzeko.
Beratzea
Egosi baino ordu batzuk lehenago beratzen bada, errazago egosten da modu homogeneo eta ez hain luzean, batez ere osoko zerealetan, asko kostatzen baitzaie egitea.
Txigortzea
Laboreak egosi aurretik txigortzeak zaporea areagotzen du eta aleak bereiz mantentzen ditu. Txigortzeko, kozinatzeko erabiltzen den kazola bera erabiltzen da, koilarakada bat oliorekin igurtzita. Berotu ondoren, zereala gehitu, eta, nahi izanez gero, espeziaren bat: kuminoa, martorria, pipermina, etab. Utzi nahastea su motelean minutu batzuez txigortzen, eta prest dago gero kozinatzeko.
Errazioak
250 mililitroko edalontzi bat 250 gramo hazi gordin dira, eta, egosi ondoren, bolumena hirukoiztu egiten dute normalean. Kopuru hori lau errazioren baliokidea da, hau da, 60 gramo zereal gordin inguru pertsonako; dieta orekatu batean pertsona heldu osasuntsu batentzat gomendatzen den errazioa. Zereal irakinaren 180 gramoren baliokidea da.
Xurgatze-metodoarekin kozinatzea
Hori da metodorik onena bolumenekin lan egiten bada (katilu bat zereal bi katilukada likidotan egosi behar da). Irakiten jarri behar adina likido, eta zerealak gehitu, behin bakarrik mugituz. Berriro irakiten jartzen dira eta berehala sua ahalik eta gehien jaitsi, eltzea estali eta behar adina egosten da alea samur egon arte eta likidoa xurgatua izan arte. Ez da komeni eragitea, bestela testura likatsu geratzen da. Gatza bukaeran gehitzen zaio, aleak ez gogortzeko.
ZEREALAK XURGATZE-METODOAREN BIDEZ KOZINATZEA
| Zereal mota (250 ml-ko katilua) | Egosi aurreko jarraibideak | Likidoa, zereal-katiluko | Egosteko denbora (minutuak) |
|---|---|---|---|
| Arroza | -------- | 2 katilu | 25-30 |
| Garia | Gau bat beratzen | 3 katilu | 50-60 |
| Garagarra | -------- | 3 katilu | 50-60 |
| Sarrazeno garia | Txigortu | 2 - 2,5 katilu | 15-20 |
| Artatxikia | Txigortu | 2,5 - 3 katilu | 20 |
