Lekaleak, zerealak eta patata Atik Zra:
Gosaritarako zerealak

Denboraldiko egutegia
Barietateak, formaren eta konposizioaren arabera
Malutak
Irin finduetatik lortzen dira, eta gatza, azukrea eta malta izaten dituzte oinarrizko osagai. Bitaminekin eta mineralekin indartuta egon ohi dira, irin finduen mantenugai horien kantitate txikiagoa konpentsatzeko.
Puztuta
Gainerakoak baino arinagoak eta kurruskariagoak dira, baina beste barietate batzuek baino zuntz gutxiago izaten dute.
Integralak eta zuntz ugarikoak
Osoko barietateak zereal ale osoarekin egiten dira; beraz, horien nutrizio eta zuntz edukia handiagoa da zereal finduena baino. Fruitu lehorrak, fruta lehortuak eta muesli ezaguna dituztenek ere ugari ematen dute zuntza.
Mueslia
Labore integral edo findu ezberdinen nahasketa da (oloa, arroz harrotua, garia, artoa, etab. ), fruitu lehorrak eta fruta lehortuak edo deshidratatuak (mahaspasak, sagarra, platanoa, kokoa, mugurdiak, etab. ). Beste barietate batzuek baino energia gehiago dute. Azukrea, eztia, glukosa-xarabea edo txokolatea eransten bazaizkio, are kaloria gehiago emango ditu.
“Linea” zaintzeko zerealak
Mikroelikagai-kantitate handiak ematen dituzte. Gosariko errazio batek (30 gramo) aholkatzen diren bitamina —B1, B2, B3, B6, B9, C eta D— eta mineral (burdina, adibidez) kantitateen % 50 inguru ematen du. Beren burua lirain mantendu nahi duten pertsonei zuzenduta dago publizitatea, eta dieta hipokalorikoa egiten denean defizita izateko arriskua duten mantenugaien emaile estrak direla argudiatzen dute. Egoera horren aurrean, esan beharra dago elikagai arruntekin egindako 1.200 kaloria/eguneko dieta hipokaloriko orekatuak eguneroko nutrizio-beharrak ase ditzakeela.
Barratxoak
Abantailen artean, hauek nabarmentzen dira: gutxi pisatzen dute, sakelan sartzen dira, beroa eta hotza jasaten dute, ahoan desegiten dira esfortzurik gabe eta erraz digeritzen dira. Hala ere, ez dute ematen esnetan nahasitako zereal eskukada batek adina energia eta mantenugai. Askotariko osagaiak dituzte: zahia, oloa, garia, garagarra, artoa, arroza, mahaspasak, almendrak, sagarra, azukrea, eztia, kokoa, laktosa, esne-hautsa, txokolatea, landare-olioa… Ekoizle batzuek esne-proteinekin edo soja-proteinak bezalako landare-proteinekin aberasten dituzte.
