Lekaleak, zerealak eta patata Atik Zra:
Gosaritarako zerealak

Denboraldiko egutegia
Nutrizio-balioa eta osasuna
Gosaritako zerealak eta horien aldaerak elikagai energetikoak dira, karbohidrato ugari ematen baitituzte.
Produktu horietako batzuek badute alderdi txar bat: zaporea eta testura areagotzeko, sodio (950 mg/100 gramoko) eta azukre (10 gramo azukre baino gehiago 100 gramoko) ugari eransten dizkiete.
- Kaloria-ekarpena. Produktuaren arabera, 380 kaloria 100 gramoko (sinpleenak) 475 kaloria 100 gramoko (zerealak fruitu lehorrekin, fruta lehortuak, txokolatea…). Barratxoek 390 eta 445 kaloria artean izaten dituzte 100 gramoko. Marka batzuek 25 gramo inguru pisatzen duten barratxoak dauzkate, eta 110 kaloria ematen ditu bakoitzak.
- Karbohidratoak. Osagairik ugariena dira. Produktu osoaren %70-90 dira. Nutriente horiek laboreetatik (karbohidrato konplexuak, almidoia) eta erantsitako gozokietatik (azukrea, fruktosa, glukosa-xarabea, eztia edo karamelua) datoz.
- Proteinak. Guztizkoaren % 7-16 dira. Kalitate ertaineko proteinak dira, funtsezko aminoazidoa den lisina gutxi baitute. Balio biologiko handiagoko proteina edo proteina “osoa” lortzeko, zerealak esnekiekin edo fruitu lehorrekin nahasten dira.
- Koipetsuak. Laboreen gantz-edukia biziki aldatzen da batetik bestera: % 3tik % 20ra. Fruitu lehorrak, txokolatea, olioak edo landare-gantzak dituzten barietateetan ugariagoa da. Produktuaren arabera, gantz asearen proportzioa ere aldatu egiten da: gantz guztiaren % 16tik (mueslia, olo-malutak...) % 75era (barratxoak).
- Zuntza. Batez ere, osoko barietateetan agertzen da, edo fruitu lehorrak, fruta lehortuak edo zahia dituztenetan. Zahia duten barietate integralen balioak %3tik %27ra bitartekoak dira. Egunean 25-30 gramo zuntz kontsumitzea gomendatzen da.
- Bitaminak. Zerealak egiteko prozesuek eta ematen zaizkien tenperatura altuek murriztu egiten dute B1 bitaminaren hasierako edukia. B2 edo erriboflabina eta B3 edo niazina bitaminei dagokienez, prozesaketak ez dakar galera nabarmenik, fabrikatzaile gehienek laboreak hainbat bitaminatan (B1, B2, B3, B6, B9 edo folatoak, D bitamina) eta mineraletan (burdina, kaltzioa) sistematikoki gotortzen badituzte ere. Bitaminekin eta mineralekin indartutako zerealak elikagai funtzionaltzat hartzen dira, hazkuntza- eta garapen-faseetan dauden bitaminen eta mineralen nutrizio-beharrak betetzen laguntzen baitute. Mantenugai horietako batzuek metabolismo energetikoan esku hartzen duten erreakzioen kofaktore gisa parte hartzen dute, eta, beraz, ezinbestekoak dira haur eta haurdunentzat. Gainera, burdinarekin batera, anemiaren prebentzioan laguntzen dute. 30 gramoko errazio estandar batek betetzen du, neurri handi batean, mantenugai horien eguneroko kopuru gomendatua. Hala ere, bitamina horiek guztiak egunean zehar jan daitezke dieta orekatu eta askotariko batekin. Bitaminak eta mineralak gehitzen zaizkienez, osagaien zerrendan agertu behar dute eta bitamina edota mineraletan aberatsak direla adierazten duten produktuek etiketan produktuak dituen osagai horien kantitateari buruzko informazio zehatza eman beharko dute.
- Mineralak. Zerealak burdinarekin, kaltzioarekin eta magnesioarekin sendotu ohi dira. Sodioari dagokionez, produktu horien ekarpena 400 - 950 miligramo sodio da 100 gramoko. 100 gramoko 700 mg sodio baino gehiago hartzea gehiegizkotzat jotzen da; horregatik, herrialde batzuetan, Erresuma Batuan adibidez, bost urteko epean elikagai batek ere ez du 700 mg/100 gramoko muga gainditu behar (British Retail Consortium).
Laburbilduz, gosaritako zerealek beren funtzio dietetikoa betetzen dute, organismoari mantenugai ugari ematen baitizkiote. Ekoizleek esaten dute beren produktuek gosari osasungarri eta osoa ematen dietela haurrei, baina kontuan hartu behar da zereal horietako askok sodio, azukre eta gantz gehiegi izaten dutela. Osagai horiek kontserbatzaile gisa eransten dira nagusiki, eta zaporea nabarmentzeko ere bai. Hori dela eta, haurrak oso zapore nabarmenetara ohitzen dira, produktuok sodio eta azukre gehiegi dutelako; beraz, hobe da txiki-txikitatik neurriz jatea.
Aukera osasungarrienak hautatzen badira (azukre gutxien dutenak, gatz gutxien dutenak, gantz gutxien dutenak eta zuntz gehien dutenak), gosaritarako zerealak jatea egokia da herritar guztientzat, eta, bereziki, higadura fisiko handia dutenentzat, energia-iturri ona baitira. Gama osoaren barruan, gaixotasunetarako egokienak diren zereal batzuk daude; diabetesa duenarentzat azukrerik ez dutenak; substantzia horrekiko alergia duten pertsonentzat esne-proteinarik ez dutenak; eta zeliakia edo glutenarekiko intolerantzia izanez gero, artoz eta arrozez egindakoak bakarrik hartu ahal izango dira.
Garrantzitsua da ekoizleek etiketan ongi ikusteko moduan adieraztea produktuek zenbat azukre, gantz ase eta gatz duten, kontsumitzaileek alderatu ahal izan ditzaten eta egokienak aukeratu.
NUTRIZIO-KONPOSIZIOA zerealen 100 gramoko | ||||
|---|---|---|---|---|
| Arroz harrotua | Txokolatearekin | Zuntz ugarikoak | Mueslia | |
| Energia (cal) | 381 | 393 | 263 | 405 |
| Karbohidratoak (g) | 87,7 | 87,1 | 45,6 | 64,6 |
| Proteinak (g) | 6,3 | 5 | 14 | 12 |
| Gantzak (g) | 0,6 | 2,7 | 2,7 | 12 |
| Zuntza (g) | 1,4 | 0,6 | 29 | 7,1 |
| Sodioa (mg) | 600 | 700 | 900 | 200 |
| Burdina (mg) | 6,5 | 6,5 | 15 | 4,8 |
| B1 bitamina (mg) | 1,2 | 1,3 | 1,3 | 0,55 |
| B3 bitamina (mg) | 16,8 | 17,6 | 17,6 | 4,1 |
| Folatoak edo B9 (mg) | 353 | 353 | 300 | 111 |
| mcg = mikrogramoak (gramo baten milioirena) | ||||
