Lekaleak, zerealak eta patata Atik Zra:
Alpapa

Denboraldiko egutegia
Nutrizio-balioa eta osasuna
Alpapa elikagai bikaina da eta kalitate handiko proteinak, mineralak eta bitaminak ematen ditu. Koipeak poliinsaturatuak dira, baina urriak; beraz, ez dute onura fisiologikorik eragiten. Gainerako lekadunek bezala, zuntz ugari du. Bitaminen artean, nabarmentzekoak dira azido folikoa edo B9 bitamina, betakarotenoa edo A probitamina, eta bitamina liposolubleak, E bitamina (antioxidatzailea) eta K bitamina (hemorragiaren aurkakoa). Potasioa, magnesioa, kaltzio, burdina eta zinka dira mineral ugarienak. Alpapak, halaber, entzimak (digestioa errazten duten substantziak), ekintza antioxidatzaileko flabonoideak eta klorofila (anemia ferropenikoan laguntzaile ona delako da ezaguna) sortzen ditu.
Merkatuan aurkitzeko modurik arruntenetako bat ernetzea da. Alpapa-kimuek digestio-prozesuak estimulatzen dituzte, eta digestio-mukosa suspertzen eta babesten laguntzen dute; horregatik, bereziki egokiak dira urdail delikatua duten pertsonen dieta-tratamendurako.
Gatz mineralak ugari dituenez, alpapa-ernamuinak maiz jateak lagundu egiten du hezur-masa mineralizatzen, eta hori oso baliagarria da menopausia duten emakumeen dietarako, baita osteoporosia edo hausturak dituztenentzako ere. Gainera, ernamuinek oso kaloria gutxi eta zuntz asko ematen dute, eta horrek interes berezia ematen die pisua galtzeko erregimenetan eta idorreria dagoenean. Era berean, anemia kasuetan gomendatzen da, eragin antianemikoak dituen klorofila ugari baitu. 70eko eta 80ko hamarkadetatik hona hainbat ekimen agertu dira mundu mailan, herri behartsuetan malnutrizioa desagerrarazteko interesa duten komunitate zientifikoek sustatuta, alpapa hosto-aterakinen fabrikazioa sustatzen dutenak. Erraz fabrikatzen diren prestakinak dira (makina espezifikoak behar badira ere), eta landarearen osagai interesgarrienak dituzte nutrizio-mailan. Hosto-estraktua nutrizio-gehigarri bihurtzen da gaizki elikatuta dauden edo malnutrizio-arriskua duten pertsonentzat (6 hilabete eta 6 urte bitarteko haurrak, haurdun edo bularra ematen duten emakumeak, adinekoak, etab.). Hainbat populazio-taldetan egin dira saiakerak, eta, ebidentzien arabera, baliabide ekonomiko urriko herrietan haragi, fruta, zereal edo bestelako elikagai gutxi dagoen arren, gehigarri hori beste aukera bat da.
Ahotik kontsumitzen diren alpapa-osagarriak, oro har, ondo onartzen direla dirudi. Hala ere, alpapa-tabletak hartzea lupusaren antzeko sintomekin lotu izan da, gaixotasun autoimmunearekin. Ikerketa batzuek iradokitzen dute erreakzio horiek alpapa-hazietan dagoen L-canavanino aminoazidoaren presentziaren ondorio izan daitezkeela, hostoetan ez bada ere. Era berean, dermatitis (larruazalaren hantura) eta bestelako trastornoak ere agertu dira, nahiz eta dokumentaturik oso gutxi egon. Hori dela eta, funtsezkoa da profesional bati galdetzea ea nola erabiltzen diren ernamuinak dietaren osagarri gisa, gerta daitezkeen ondorio kaltegarriak saihesteko.
