Skip to main content
01

Lekaleak, zerealak eta patata Atik Zra:

Batata

Batata :: Nola sartu gure elikaduran

Nola sartu gure elikaduran

Batata landatzen den herrialdeetan errezeta tradizional ugari daude, beti kozinatuta, inoiz ez gordinik. Irakin egiten da, patata frijituak balira bezala frijitu, edo erre. Askotan, eguneko elikagairik energetikoena da. Zatituta edo pure eginda jaten da, eta kanela, eztia, kokoa, lima eta intxaur muskatuarekin konbinatzen da. Txerri haragien eta hegaztien goarnizio gisa balio du.

Ekialdeko Afrikako eskualde batzuetan tuberkulu hauek xerratan moztu eta eguzkitan lehortzen uzten dira. Emaitza patata chipen antzekoa da, eta bere horretan jaten dira edo xehatu egiten dira irina lortzeko.

Elikagai gozoa denez, marmeladak, konfiturak eta pastelak egiteko balio du. Batatozko pastela postre tradizionala da Estatu Batuetako hegoaldean. Mexikon oso ezagunak dira "Pueblako kamoteak". Batata pasta azukretsu bat da, errea eta barratxotan ebakia, paper finean biltzen dena (kamotitoak), eta aperitibo edo gozoki gisa balio duena. Zeelanda Berrian, maoriek kumara (batatari esaten dioten bezala) lurrazpiko labeetan prestatzen dute, hostoetan bilduz eta harri beroz eta lurrez estaliz. Denbora bat igaro ondoren, lurra kendu eta lurrunetan prestatutako gisatua lortzen da.

Batatak labean erretako pataten ordezko aukera gisa funtzionatzen du, azukre beltzarekin eta gurinarekin bakarrik ondua. Lurrunetan, egosita edo mikrouhin-labean eginda, otarteko gozo bihurtzen da, eta otordu artean jateko aperitibo gisa erabil daiteke.

Latinoamerikan eta Antilletan, batata hartzitu egiten da edari alkoholdunak lortzeko. Tuberkuluaz gain, zenbait herrialdetan landarearen hosto samurrak prestatzen dituzte, espinakekin egiten den bezala.