Skip to main content
01

Lekaleak, zerealak eta patata Atik Zra:

Kakahuetea

Kakahuetea :: Nutrizio-balioa eta osasuna

Nutrizio-balioa eta osasuna

Jendeak uste du kakahuetea fruitu lehorra dela, itxura fisikoagatik eta antzeko nutrizio-balioagatik (gantz, proteina eta energia ugari), baina botanikoki lekaduna da (barruan hainbat hazi dituen zorroa).

Kakahuetea, gainerako lekadunak bezala, landare-proteinen iturri bikaina da. Altramuces eta sojarekin batera, lekadun oleaginosoa da, gantz intsaturatu (monointsaturatuak, batik bat) ugari dituelako, ezaugarri kardiobaskularrengatik ezagunak.

E bitamina (antioxidatzailea) ere ugari du, eta, beste elikagai batzuekin alderatuta, azido folikoa, tiamina eta niazina ugari ditu. Kakahueteek fosfatoak, potasioa eta kaltzioa ugari erauzten dute lurretik, eta, beraz, mineral horien iturri ona dira, baita magnesioa, zinka, kobrea eta manganesoa ere. Kakahueteak ugari eta era askotakoak dituen mineral eta bitaminak nerbio-sistema eta sistema kardiobaskularra ongi elikatzeko balio duten elementu erregulatzaile gisa jokatzen dute. Zuntz asko daukanez, laxante ahaltsu bihurtzen da, baina neurrian jan behar da, zeren eta, hain koipetsua denez, kakahuete gehiegi jateak digestio txarrak eragiten ditu eta kaloria gehiegi ematen ditu.

Kakahuetearen proteinak, gainerako lekadunenak bezala, funtsezko aminoazido (metionina) baten gabeziak agertzen dituenez, elikagaia eta zerealak (aminoazido horretan aberatsak) konbinatzeak proteina horren balioa osatu egiten du. Hona hemen konbinazio osasungarrien adibide batzuk: kakahuetezko gurinarekin igurtzitako ogia, pasta horrekin salteatutako arroza, pasta-entsalada kakahuete zatituekin edo gurinarekin egindako gailetak.

Kakahueteak fitosterolak ditu, batik bat. Fitokimiko horiek kontzentrazio handitan daude landare oleaginosoetan, hazietan eta lekaleetan. Berriki egin diren ikerketek erakutsi dute fitosterolak gai direla hainbat minbizi-motaren garapena inhibitzeko, hala nola kolonekoa, prostatakoa eta bularrekoa, zelula tu moralen hazkuntza eta garapena oztopatzen baitute. Tradizionalki, zientzialariek landareen fitosterolak edo esterolak konpondu izan dituzte, gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko duten gaitasunagatik. Fitosterolek odoleko kolesterol-maila jaisten laguntzen dute. Kasu honetan, kakahuetea elikagai bereziki kardio-osasungarria egiten duena gantz-azido asegabeak (bihotz-hodietako babesgarri behinenak) eta E bitamina eta fitosterolak (osakeran) konbinatzea da.

Kakahuete eta deribatuen beta-sitosterol (fitosterol bat) kopurua biziki handia da. Hainbat produktu aztertu dira eta, batez beste, 100 gramo kakahuete gaziko 65 mg sitosterol aurkitu dira. Kakahuete-gurin kantitate berak 135 mg sitosterol ditu, irinak 46 mg eta olioak 190 mg, gutxi gorabehera. Kakahuetearen kimikan resveratrol kopuru aipagarriak aurkitu dira: fitosterola izaki, ezaugarri fisiologiko eta prebentibo berberak ditu. Resveratrola ardo beltzean eta mahats beltzaren azalean egoteagatik da ezaguna, eta hain zuzen ere ardoari ematen dizkion propietate osasungarriengatik egin da ezagun. Azken ikerketen arabera, kakahueteak mahatsak baino 30 aldiz resveratrol gehiago du.

Azken hamarkadetan egin diren ikerketek erakutsi dutenez, egunean bi edo hiru aldiz kakahueteak edo haien deribatuak (gurina edo olioa, adibidez) dituen dieta bat gai da odoleko kolesterola % 11-14 murrizteko. Pisurik irabazi gabe bihotzarentzat osasungarria izan dadin, kakahueteak erabili behar dira, normalean jaten diren beste elikagai gantzatsu batzuen ordez (gurina, hestebeteak, pateak, gaztak...). Ondorio osasungarri horiek, gainera, fruitu lehorrak jatearekin ere lortzen dira, eta kakahueteek ere antzeko osaera izaten dute elikadura aldetik.

Kakahuetearen alderdi negatiboa bere proteina alergenikoak dira. Haurrak dira kakahueteei alergia gehien izaten dietenak, eta horregatik komeni da urtea amaitu arte atzeratzea elikagai horiek dietan sartzeko prozesua, eta are beranduago ere bai, familian lehen mailako alergiaren bat baldin badago (kakahueteei ez bada ere). Kakahueteak xehatuta eta beste fruitu lehor batzuekin nahastuta erabiltzen direnez hainbat produktu egiteko, arazo sanitarioa izan daiteke etiketan agertzen ez bada.