Lekaleak / Haurrak eta lekaleak: nola lortu jan ditzaten

Sarrera
2000. urtean, haurtzaroko eta nerabezaroko elikadura-ohiturei buruzko azken inkesta nazionalaren emaitzak argitaratu ziren (Enkid azterketa, 1998-2000). Inkesta horretan, 2 eta 24 urte bitarteko 3.500 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. Azterlanean agerian geratu zen egungo bizimoduaren aldaketak populazio talde horren elikadura-ohituretan islatzen direla. Berdura, barazki, fruta eta lekale gutxiegi jateagatik bereizten dira ohitura horiek. Elikagai horiek dira, arrainarekin batera, haurren eta gazteen artean gaitzespen handiena sortzen dutenak.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak inkesta bat egin zuen 2003. urtean, etxeko lekale lehorren kontsumoari buruz. Datuak argigarriak dira, eta agerian uzten dute sei urtetik beherako haurrak dituzten etxeak direla lekale gutxien erosten dutenak Espainian (2,39 kilo per capita). Atzetik datoz 6-15 urte bitarteko haurrak dituzten etxeak (2,98), eta haurrik ez dagoen etxeak dira lekadun gehien erosi dutenak (4,44 kilo per capita).
Ondorioz, argi dago beharrezkoa dela lekaleak txiki-txikitatik ezagutzea eta kontsumitzea, orduantxe ezartzen baitira helduarorako eta zahartzarorako elikadura-ohiturarik sendoenak, nutrizio-egoera eta osasuna eragiten dutenak.
