Lekaleen eta zerealen konbinazioa

Sarrera
Garbantzu-eltzekoa eta pasta-zopa, dilistak arrozarekin, ogia kakahuete-gurinarekin, kuskusa garbantzuekin eta fruitu lehorrekin, sesamo-xigorkiak hummusarekin (garbantzu-patea), arto-opilak babarrunekin, arroz-zopa sojarekin. Lekaleen eta zerealen konbinazioak dira guztiak, eta konbinazio horri ‘adimendun’ esaten zaio.
Intuizioari eta biziraupenaren bilaketari esker, mundu osoko kulturek naturak eskura jarritako barazkien konbinazio adimentsua dute sukaldaritzan. Landare-plater horiek ekarpen energetiko eta proteiko gisa balio izan dute animalia-proteinak eskuratzea oso zaila edo gutxi batzuen pribilegioa den herrietan. Animalia-proteinaren ordezko dira. Izan ere, gure gorputzeko ehunen hazkuntza eta organoen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren proteinak landare konbinazio egoki batekin lor daitezke.
